Hizkuntza eta pentsakera

Hizkuntza olerkia da, ez zientzia. Olerki-ondoa da, hobe esateko. Edo, Emerson filosofilariaren hitzaz esateko: hizkuntza «olerki fosilla da», olerki izana. Hauxe da kakoa. Olerkigintza hortan herri oso batek hartu du parte, mendeetan zehar klaseetan zehar: ideiak zatikatuz, eta mundua herriaren irudimenaren arabera piskanaka hizkuntza bihurtuz. Gauzei «izen» bat eman baiño lehenago, hizkuntza batek (herri batek, beraz) ideien maillan egiten du zatiketa bat, berezketa sakon bat, oharkabezko ideia-antolaketa bat. Eta hizkuntza bakoitzak bere erara begiratzen du mundua. Ez dago ikuskera logikorik. Horregatik hizkuntza guziak funtsez dira desberdiñak. (…) Hizkuntza ez bada logikoa, hizkuntza batek duen barne-estruktura nork eta zergatik eman dio? Erantzuna erraza da: hizkuntzaren berezitasuna edo jatortasun hori HERRIAK EMAN DIO LIBROKI. Hizkuntza sorkari logikoa ez dan ezkero, hizkuntza HERRIAK moldatu du hitzetik hortzera; bere ikuskera xoillaren arabera, HERRIAK sortu eta mamitu du. Herriak hortaratu du hizkuntza. Herria nabarmenerazi du fenomenu hau, eta hura ahaztu. Herri baten sorkari nagusia, herri baten tresna nagusia, hizkuntza da. Zergatik egin du horrelakoa hizkuntza, eta ez bestelakoa? Ez dakigu. Berak ere ez daki. NAZIO OSOAK mendeetan zehark HORRELA NAHI izan duelako, HORRELA AUKERATU duelako, mundua HORTARA SENTITU duelako. Nazio-olerkaritzak hori asmatu duelako. Hizkuntza herriak egin du: bere izakeraren, bere pentsakeraren, bere tekniken, bere jiterik sakonenen arabera jokatuz prestatu du. Hain sakonki jokatuz batzutan, hizkuntza-aukerak oharkabean bezela nagusiturik baitirudite. Hizkuntza da herri baten sorkaririk funtsezkoena, bere nazio-jakintzaren oiñarria. Hitz batez: HIZKUNTZA DA HERRI BATEN ARIMA. Humboldt’ek egia zuen. Gaurko estrukturalistek berriz ere egia zaharra erakatsi digute.

Hizkuntza eta pentsakera. 1966

Advertisements

Ustekabeko elkarrizketa bat

―Barka zazue. Zer hizkuntzaz ari zarete? (…)

―«Sarakolé»z ari gaituzu. Senegal-en badaude etnia desberdin batzu; eta horietako bat, eta ez zabalena edo inportanteena, gure «sarakolé» hau duzu. (…) Nik Senegaldarra naiz. Baina ene adiskide hau Gambie-koa da. (…) Senegal-go etnia nagusia «woloff» izenekoa da. Baina, oraingoz bederen, frantsesa da guztion lege-hizkuntza nagusia. Badira liburu batzu, hori bai, «sarakolé» herriaz; baina eskola eta administrazioa ez dira «sarakolé»zkoak, ez «woloff»ezkoak,frantsesezkoak baizik.

―Eta, ez duzue zelebre aurkitzen zeron egoera hori guztia?

―Bai, jakina (…). Baina Afrikako mugak eta Europakoak ez dira berdinak. Gambia-rena eta Senegal-en arteko muga hori, esate baterako, bost axola zaigu guri. Ene adiskide hau eta biok herrikideak gara, eta kitto. Eta oihan haietan beretan, areago. Muga horiek Europatik ikusirik badute axola. Handik beretik, batere ez. Ez daki hango inork nun diren ere… (…) Europatarrok ez duzue Afrika konprenitzen. Hura oso da liferentea, zinez. Gure artean, esate baterako, inun ez da gertatzen inork norberaren hizkuntzaz besterik ezer ez jakitea. Han denok dazkigu, geureaz gain, eta gutxi-gora-behera bederen, bi, hiru, are lau hizkuntza ere; eta horrela inguruetako etnia guztiak, pratikaren eta egiazko bizieraren mailan, oso loturik daude, gaurko Europan somatu ere egin ezin daitekeen eran (…).

―Ez zarete zoriontsu, beraz, lurralde hauetan… (…).

―Ezta inundik ere! Afrikara nahi dugu, eta afrikatartu nahi ere bai. Hemen Europan dena da hotza, eta norberekeriak, indibidualkeriak, multzo-ideia, herritasuna, eihartu du. Afrikan, berriz, multzo-giroa, talde-gogoa, elkarte-nahia, anaitasuna, bizirik daude oraindik. Hots, hotzak hiltzen du Europa, nor bere burura bildua izateak. (…) Guk ez dugu horrelakorik nahi. Geure herrietan gizarte-tasuna, multzoen berotasuna eta kidetasuna, nahi eta bilatzen ditugu. Ez hemengo populu koloregabe, hotz eta sustraigabe hauek…

Usterik gabeko elkarrizketa bat. Euskal Herritik erdal herrietara. 1973

«Welsh Not»

Inglesez dakiten euskaltzaleei liburu bat gomendatu nahi nieke bihotzez: Ned Thomas-ek argitara berri duen «The Welsh Extremist» deritzana (Ed. Victor Gollanez, London, 1971). (…) Galestar sozialista gazte bat da Ned Thomas: 35 urte. URSS-en bizi izana, berriki Gales-a bihurtua, bere herriko pizkundean orain dela oso gutxi abiatu da: hiru urtez geroztik ez besterik. Galestarrak (Kymri-tarrak esanez atseginago izango gatzaizkie, «Wales» hitza, inglesa denez, arrotz baitzaie) bi milioi eta erdi lagun dira; eta Bretaña Nagusiko Mendebaldean bizi dira, Irlandarekiko aurrez aurre. Bi milioi t’erdi horietatik, 650.000-k dakite gaur kymri-eraz. Orain dela 50 urteko estadisiketan ageri zenez, 1921-an 930.000 lagun mintza zitezkean kymri-eraz. Hizkuntza, beraz, atzera ari da aspaldidanik: 50 urtetan % 30 galdu. Ingelsa da lege-hizkuntza bakarra 1536-ez geroztik. Hiriak ditu galduenik: Cardiff, esate baterako, ikatzaren kaia, 275.000 biztanle, osoki dago inglesturik; eta Swansea-n, 160.000 biztanle, 25.000 inguru kymri-dun aurki daitekeala dio Thomas-ek: hau da, seirentsu bat. Herri txikietan eta nekazarien barrutietan proportzioa handiagoa da. (…) Emigrazio-herrialde bat da Gales. (…) Galestar sendimenduaren azkartzea, eta Londres-en kontrako joera, biak batera jakina, XIX mendean sortu ziren. Ehun urte haietan, 8.425 liburu argitara ziren kymri-eraz (alegia, 84 liburu urtekal, batez beste) eta gaur 150 liburu agertzen dira urtero. Euskal Herrian baino aisa gehiago, beraz. Hizkuntzaren gainbehera ez da gelditu, halere. Eskoletako paretetan hau irakurri izan da eskuarki: «Welsh Not» (alegia: Kymri-erarik ez). Eta gure arteko eraztunaren zigorra, zurezko koilararena bihurtu zen Gales-en: zurezko kutunaren koilera zeukan haurrak, kymri-eraz hitzegiten zuen beste haur bati pasa zizaiokean, eta honek berebat beste bati, eta abar; eta horretara, azkenezko koilare hura zeraman haurra, makilatu egiten zuen eskolako maisuak. Jokabide «demokratikoa» omen. Gertakari hauek «fazismoa»ren bidez azaldu uste dituzten ezkerkoi erderomano horiek zer dioten jakin nahi nuke; Londres-en, nik dakidanez, ez baita inoiz «fazismo»rik izan»! Ezta kapitalismo handirik ere 1536-an. (…) Hizkuntzaren garrantziaz jabetzen hasiak dira gazteak; eta hauen izenean lerro hauek idatzi ditu Ned Thomas-ek: «It is a revolutionary act to revive the Welsh language in Wales».

Liburu bat Gales-i buruz. Euskal Herritik erdal herrietara. 1971

Erdaldun bakarrak, elkarrizketa erdiak erdalduntzen

Eguneroko gertakaria oso ezaguna da: euskaraz dakigun guztiok, erdaraz ere badakigu; alderantziz, ordea, ez da gauza bera gertatzen: erdaraz dakiten askok (lautatik hiruk) ez dakite euskaraz. Fameli-bilkuretan, horrela, lagunen artean, edonolako batzarretan eta jaietan, «elkar hobeki ulertu beharrez», «por razones de operatividad», «pour être efficaces», eta abar, erdaraz hitzegiten dugu. Zenbat aldiz, ordea? Karkulu hori zaila ez izanik ere (…) ez da gaur arte, nik dakidala, behin ere egin. Eman dezagun LAU lagunen talde bat: A, B, C eta D. Zenbat multzo gerta daiteke hor, hitzegiterakoan? BI lagunek osaturik, SEI hizketa-multzo gerta daitezke; eta hauek dira: AB, AC, AD, BC, BD eta CD. HIRU lagunek osaturik, LAU talde: ABC, ABD, ACD, BCD. Eta LAU lagunek osaturik, talde bakar BAT, jakina: denek elkarrekin osatzen dutena: ABCD. Hizketari buruz, hortaz, HAMAIKA hizketa-multzo gerta daitezke. Eman dezagun orain A erdalduna dela; eta B, C eta D, berriz, euskaldunak. «Operatividad», «efficacité» eta «errespetu» famatu horiek direla bide, A dagoen multzoetan erdaraz egingo da. Erauzirik geldituko da euskara multzo hauetatik: AB, AC, AD, ABC, ABD, ACD eta ABCD. Zazpi multzotan, beraz, euskara kitto!. Eman dezagun orain A eta B erdaldunak direla; eta C eta D, berriz, euskaldunak. Multzo GUZTIETAN baztertuko da eukara mintzabide gisa, bakar BATETAN ezik: AB [sic; CD behar zuen]. Kasu honetan, beraz, talde horren % 9-tan baizik! Erdiak erdaldun izanda. (…) Famelia batetan, esate baterako, aski da aitak euskaraz ez jakitea, famelia horretan, bi haurrek euskaraz jakin arren, % 63-tan erdaraz egin dadin. (…) Hamar lagunen talde bateatan, erdaldun batek elkarrizketen erdia erdalduntzen du; baina bost euskaldunek, % 2,9 baizik ez dute hitzeragiten. «Euskeromano» omen gara… baina zifra horiek aski dira ERDAL ARRAZAKERIAZ hitzegin ahal izateko. Pariak baino gutxiago gara euskaldunok gure herrian; eta erdaldunak Hegoafrikako zuriak baino aisa nagusiago. Batzu «euskal inperialismoaren» bildur! (…) Hitz gutxitan esateko, herri batetan jendetzaren ERDIA erdalduna bada (gaur leku askotan duguna), herri horretan erdaraz egiten da % 91 – 97 kasutan! Herri horretara datorren kanpotarrak, beraz, ez du ia inoiz euskaraz inor entzuten; eta bertan galdutzat ematen du hizkuntza.

Matematika eta erderomanoak. Euskal Herritik erdal herrietara. 1973

Etenduraren ondoko Euskal Herria

Zure artikulu mamitsua irakurri dut Z. ARGIA-n (1971-XI-28); eta zure kezkak noraino ulertzen ditudan azaldu beharrik ez dago. Zure kezkak, «Eibartarra», eneak dira (…). Eibar-ko haur-jolasak aipatzen dituzularik, hau diozu: «Orduango gaztiak euskeraz bizi giñan». Hauxe da, ene ustez, zure artikuluaren oharrik gogoangarriena. Egia latza baita! 1940-ren inguruan, «juan dan gerra ingurutxuan bertan» zuk diozunez, Eibarko haurrak euskeraz egiten zituzten beren jolasak. Eta gaur ez. Harrez gero 30 urte pasa dira. (…) Hau, ordea, ez da Eibarren bakarrik gertatu. Aldaketa berbera ikusia dut Donostian bertan, Antiguako hauzoan. (…) Ia gauza bera esan daiteke Euskal Herri guzian. Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoa osoetan ez dago gaur INUN haur-talde bakar bat euskaraz jostatzen ari. Nik ez dut bederen horrelakorik inoiz entzun: ez Hazparnen, ez Donapaleun, ez Maulen, ez Kanbon, ez Atarratzen, ez Garazin; ez eta Garruzen, Lakarrin, Bithiriñen edo honelako herrixka ttipietan ere. Iparralde guzi-guzian gaur haurrak frantsesez jostatzen dira. Baina aski da hazpandar edo garaztar batekin mintzatzea, orain dela 20 urte horrelakorik gertatzen ez zela jakiteko. Euskal dialektologiari buruzko izkribuak irakurtzen dituenak, era berean, ondorio berbera aterako luke Nafarroa (Garai)ri buruz. Behin eta berriz idatzi denez, Altsasuan, Eugin, Otsagabian, Lekunberrin, eta beste hamaika herritan, «adineko jendeak ba daki euskaraz; baina gazteek ez». Dakienak ez daki geroz ikasia duelako: euskaraz ikasteko eta jabetzeko kezka eta benetako nahia oso joera berriak dira Euskal Herrian. Adineko jende hori, beraz, euskal giroan murgilduta bizi zelako gertatu da euskalduna; eta haurtzaroan euskaraz jostatu den azken euskaldun belauna da. Ez dago, beraz, esaterik: «Tira, tira! Ez hileta jo! Zaharrek beti esan dituzte horrelako tentelkeriak». Ez. Guhauri tokatu zaigu kinka berezi larri hau ezagutzea: ez dute gure aurrekoek ezagutu, eta gure ondokoek ez dute ezagutuko. (…) Guganainoko Euskal Herria gauza bat izan da; eta gugandikakoa, nahi-ta-ez, beste gauza bat izango da: etendura ondokoa.

«Eibartarra»ri gutun agiria. Euskal Herritik erdal herrietara. 1971

Erdaltzale «gogorrekin», leporaino

Aste honetantxe gertatu zaizkit ilaran. Egun batez, ikastola baten ondoan, gurasoak eta ikastolaren bultzatzaileak berak barra-barra erdaraz ari. Beste batean, euskaltzale pare bat harriturik ikusia, geure etxean euskera hutsez egiten dugula jakinda. Hirugarrenik, oso «gogor» horietako baten etxean denak euskaldun gertatu («gogor» hori ezik), eta «gogor»arengatik erderaz denok. Eta laugarrenik eta azkenik, euskal izena eta asmoa dituen elkarte bateko biltzarrera joan, denak euskaldunak («gogor» horietako bat ezik), eta denok erderaz egin behar. («Gogorra», bera, dudarik gabe, ez gu; baina ez uste duen aldetik…). Nork ez du horrelakorik egunero ikusten? Hots, jakina denez, LEPORAINO GAUDE! Zer da, ordea, eginetara gabe, leporaino gaudela esatea, geure burua kondenatzea eta irrigarri uztea baizik? Geure artean geuk ere egiten ditugu erdaldunak lehenengo mailako herrikide, eta euskaldunak gizajo baztergarri. Guhaurk ere, etsirik zitalenek bezalaxe, masaileko mingarriak ematen dizkiegu egunero euskaldunei. Nor harri diteke, gero, hortaz, prestuki mintzatzekotan bederen, gertatzen ari dena eta onhartzen duguna beste batzuk teoria-gisa agertu badute? Gaurko euskaldunok erderaz elkar ulertzen dugula gordinki esan duten horiei, guhaurk erakutsi dieegu bidea, pratikan hori egunero geuk erabiliz, eta behin eta berriz euskaldunen artean erderaz mintzaturik ontzat emanez. Errua guhaurk dugu, zuk eta nik eta biok, eta honek eta harek, eta denon, «gogor» horiek (euskeraren kontrako bermetasunean ezin gogorrago eta abilago) geure artean irribarrez eta erderaz errezibitzen ditugulako. Guhaurk mespretxatzen ditugu euskaldunak horiei sarrera emanez, eta erdaldun bakar batengatik («elkar ulertu beharrez», bai, orain salatzen diren batzuk esan duten berbera…) hamarrek lotsarik gabe erderara jotzen dugun bakoitzean. Zer ari gara soinekoak urratzen? Ez gaitezen faltsu izan. Urkabera geu aurrenik; euskaldunak gehien garen biltzarretan, euskeraz egin behar bait da, zer gerta ere. Eta pozik ez dagoena irten dedila, eta baketan utz gaitzala. Frantsesik gabeko Quebec-ik eta flamenkerarik gabeko Flandes-ik ez dagoen bezalaxe, euskerarik gabeko Euskal Herri-rik ez dago. Hots, guhaurk behar dugu hori nortu eta obratu geure buruetan. Hau egin artean ez dago ezer itxaroterik geroan, gure amaia ezik. Zeren-eta helburua jokabideak mugatzen eta baldintzatzen bait du. Zuek, «gogor»rok, beste gauza «inportanteago»tan ari zareten erdaltzale nazkagarriok, LEPORAINO GAITUZUE. Leporaino.

Leporaino!. Euskal Herritik erdal herrietara. 1970

Nafarkeria eta nafartasuna

Ustez hila eta ehortzia, horra hor bizirik aspaldiko nafarkeria delakoa; nafarkeria diot, eta ez nafartasuna; alegia, erdaraz «ultra-navarrismo» deritzana. Del Burgo-k, Aizpun-ek eta gainerakoak diotenez, ez dute berek Nafarroa txikiratu nahi; osoa, handia eta askatua nahi omen dute; ez «gizonez» osatua («no queremos ser guizones») hartu dute ultra-navarrismoaren ezagugarritzat; eta ez Euskadiren kateek herbal, katibu eta maingu… (…) Nafarroak ba du, ordea, mendiez bestaldera, Garazi, Oztibarre eta Amikuze eskualde zoragarrietan kokaturik, «seigarren merindade» deritzan herrialdea, bere jatorrizko nafartasunetik batere ez urrundua. Harluxet adiskideak orain dela aste batzu zorrozki salatzen zuen, «DEIA» egunkarian, ultra-navarristen hutsune harrigarri hori; zeren-eta baxenabartarrak nafartar ez izatekotan, zer ote dira? Eta nafartarrak badira, nola ahanzten ote dituzte horren aisa Del Burgok, Aizpunek eta gainerakoek?

Ultra-navarristei gutun irekia. Euskal Herritik erdal herrietara. 1977