Biografia

  • 1929    Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi Irailaren 27an jaio zen Donostian.
  • 1947    Amari galdetuz, aitaren litografia lantegiko koaderno batean, gramatika bat egin zuen, etxean hilabetea gaixo pasatu behar izan zuenean. Lehen ekintza politikoa ere urte hartan egin zuela gogoratzen zuen. EAJkoek emandako propaganda banatu zuen Donostiako Parte Zaharreko etxeetako ate azpietatik.
  • 1948    Euskara ikasten hasi zen, bere kabuz. 1955 arte ez zuela menderatu esan ohi zuen.
  • 1949    Bilbora joan zen, Academia Necoechean ingeniaritza ikasketak jarraitzera.
  • 1950    Eusko Ikasleen Alkartasunaren buletinean euskarazko artikuluak idazten hasi zen. Atxilotu egin zuten, Jagi-Jagiko kide izateaz akusaturik.
  • 1952    Unibertsitateko ikaskideekin, Ekin taldea sortu zuen. Soldaduskako lehen txanda egin zuen, Zamoran (Espainia), urte hartan bertan.
  • 1954    Soldaduskako bigarren txanda egin zuen, Zamoran hori ere. Txillardegi ezizena ere urte honetan hasi zela erabiltzen esan ohi da.
  • 1955    Kierkegaard-en hazia Unamuno-gan lore lanarengatik, Oiargi kultur erakundearen saria jaso zuen.
  • 1956    Ferrolen (Galizia) egin zituen soldaduskako azken sei hilabeteak.  Han idatzi zuen Leturiaren egunkari ezkutua, bere lehendabiziko nobela. Soldaduskatik Donostiara itzulita, motor fabrika batean hasi zen lanean.
  • 1957    Euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak.
  • 1958    Euskal literatura eskolak ematen hasi zen Gipuzkoako Diputazioan. 1960an utzi zion, atxilotu zutenean.
  • 1959    ETA erakundea sortu zuen taldean zen, Julen Maradiaga, Jose Manuel Agirre, Benito del Valle, David Lopez Dorronsoro eta Eneko Irigarairekin batera. Txillardegi izan zen izena proposatu zuena. Euskaltzaindiaren Laguntzaileak taldeko idazkari izendatu zuten urte berean.
  • 1960    Poliziak abuztuan atxilotu eta hilabete batzuk egin zituen kartzelan.
  • 1961    Urteberri egunean Ipar Euskal Herrira joan zen —Frantzian, Suitzan eta Belgikan egin zuen hamasei urteko erbestealdia, 1977 arte—. Hazparnen hilabete batzuk eginik, Parisera jo zuen, ingeniari lan egitera.
  • 1962    Hazparnera itzuli zen, eta Piarres Xarritonek zuzentzen zuen Saint Joseph kolegioan matematika irakasle hasi zen.
  • 1963    Euskal Idazkaritza Elkartea sortu zen Baionan. Euskararen alorreko arduradun jarri zuten Txillardegi. Euskara batua bultzatzea zen elkartearen asmoetako bat. Urte honetan, Txillardegik dimisioa aurkeztu zuen Euskaltzaindian, karta bat argitaratuta Enbata kazetan. Euskara batua bultzatzea, eskoletan euskara bultzatzea, ortografia batzea, batzar berezi bat deitzea, apaizei elizan euskaraz egiteko eskatzea… proposatzen zizkion, besteak beste, Euskaltzaindiari, erakundea geldirik zegoela uste baitzuen. Biltzarra laster egingo zela erantzun zioten, eta ez zioten dimisioa onartu.

Mikel Atxaga, Bitoriano Gandiaga eta Txillardegi. ARGIA

  • 1964    Euskal Idazkaritza Elkarteak Baionan egindako bilera batean, euskara batua izango zenaren oinarriak adostu zituzten (proposamen haietako gehienak 1968an onartu zituen Euskaltzaindiak, Arantzazun, Koldo Mitxelenaren onespenarekin). Handik eta gutxira, Belgikara joan behar izan zuen Txillardegik, erbestera.
  • 1966    Branka, erbesteratutako abertzaleen kazeta argitaratzen hasi Bruselatik. 1971 arte jarraitu zuen argitaratzen.
  • 1967    ETA utzi zuen, taldeak hartu zuen bide marxista-leninistarekin ezados.
  • 1968    Domingo Agirre Saria irabazi zuen Elsa Scheelen nobelarekin (Bruselako erbestean idatzi zuena).
  • 1969    Belgikako konfinamendua hautsi, eta Ipar Euskal Herrira itzuli zen.
  • 1970    Fronte abertzale bat sortzen saiatu zen, Telesforo Monzonekin besoz beso, arrakasta handiegirik gabe. Urte honetan bertan, Bordeleko Unibertsitatean irakasle laguntzaile hasi zen, eta Bordelen bertan kokatu zen.
  • 1972    UEU Udako Euskal Unibertsitatea sortu zen. Hasieratik partaide izan zen Txillardegi.
  • 1975    Linguistikan lizentziatu zen Parisko Sorbona unibertsitatean. 1976-1977 ikasturtean hasi zen Donostiako EUTGn irakasle.

ESBren mitina. GARA

  • 1977    Erbestetik Euskal Herrira itzuli, eta ESB Euskal Sozialisten Biltzarra alderdi politikoa sortu zuen, gero HB Herri Batasuna osatuko zuen alderdietako bat. Artean, Euskal Fonologia irakasten hasi zen EUTGn.
  • 1980    ESBtik bota egin zuten, sortzaileetakoa izan arren, euskarak erakunde horretan izan behar zuen lekuaz eztabaida gogorrean aritu ostean. Urte berean, euskaltzain oso izateko proposatu zuten lehen aldiz; baina Patxi Altuna aukeratu zuten bera beharrean. Zilarrezko Lauburu Saria irabazi zuen, Euskal Gramatika liburuan egindako lanagatik.
  • 1981    Unibertsitateko lanak urtebeterako utzi  eta Ameriketako Estatu Batuetan, Los Angelesko UCLA unibertsitatean, fonetika eta fonologia ikasten aritu zen 1981-1982 ikasturtean.
  • 1982    AEBtik itzulita, irakasle hasi zen EHU Euskal Herriko Unibertsitatean.
  • 1983    Tesia bukatu zuen, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, euskal azentuari buruz, eta EHUren Zorroagako Fakultatean soziolinguistikako irakasle hasi zen gero. EKB Euskal Kulturaren Batzarrea ere urte hartan sortu zen; batzarrearen parte izan zen Txillardegi, 1999an Kontseilua sortzeko desagertu zen arte.

HBren mitina Anoetan. 1979. ARGIA

  • 1986    HBren izenean Espainiako Senaturako senatari aukeratu zuten Gipuzkoatik. 1989an berriro hautatu zuten senatari.
  • 1987    Euskaltzain oso egiteko proposatu zuten bigarren aldiz; Juan Mari Lekuona aukeratu zuten, ordea. Urte horretan bertan hirugarrenez proposatu zuten, baina Ibon Sarasola aukeratu zuten hirugarren aldi horretan. Harrezkero, ez zuten berriro proposatu euskaltzain oso izateko.
  • 1989    Bat Soziolinguistika Aldizkaria sortzen lagundu zuen. Urte honetatik 2002 arte, aldizkariaren zuzendaria izan zen.
  • 1992    First International Basque Conference in North America kongresuan parte hartu zuen.
  • 1993    Ahoskera batzordea sortu zuen Euskaltzaindiak eta bertan parte hartu zuen Txillardegik hasieratik.
  • 1994    Finlandiako Linguistic Rights of minorities kongresuan parte hartu zuen.
  • 1995    Santiagoko Simpósio Internacional da Línguas Europeas kongresuan parte hartu zuen.

Euskaltzaindiaren biltzarra. Bergara. 1979. ARGIA

  • 1999    EHUk katedratiko emeritu izendatu zuen. Eta UEUk ohorezko kide izendatu zuen.
  • 2001    Lizarra-Garaziko ituna haustearekin batera sortu zen Aralar alderdian eman zuen izena.
  • 2002    EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkarteak ohorezko bazkide izendatu zuen. Mendebalde Kultur Elkarteak omendu zuen. Eta soziolinguistikako SEI elkarteak ohorezko lehendakari izendatu zuen.
  • 2004    Ohorezko euskaltzain izendatu zuen Euskaltzaindiak. Koldo Mitxelena Kulturuneak omenezko jardunaldiak egin zituen, baita Elkar argitaletxeak ere. Gainera, Durangoko Azokak Argizaiola Saria eman zion.
  • 2007    Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa Batzordeak hitzaldi-sorta prestatu zuen, Leturiaren egunkari ezkutua eleberria 50 urte argitaratu zela eta. Urte honetan berean, Utikan Euskadi Sariak manifestuarekin bat egin zuen Txillardegik. Eta Aralarreko militantzia utzi zuen, ezadostasunengatik.
  • 2008    Soziolinguistika Klusterrak omenaldia eskaini zion, Donostian. EIE Euskal Idazleen Elkartek ere omenaldia egin zien, Piarres Xarritoni eta Txillardegiri, biei, Durangon. EAE-ANVko zerrendetan hautagai aurkeztu zen Espainiako Gorteetarako bozetan, urte hartan.
  • 2011    EHE Euskal Herrian Euskaraz elkarteak egin zion omenaldia Donostian, nazio manifestazio bat bukatu ostean.
  • 2012    Urtarrilaren 14an hil zen, osasuna makalduta. Azkenera arte lanean aritu zen, ordea; Telesforo Monzoni buruzko liburu bat prestatzen ari zen, eta hainbat ohar bilduak zituen. Txomin Iturbe Abasolo ‘Txomin’ ETAko kidearen gorpua estali zuen ohial berarekin estali zuten Txillardegiren gorpua (berak eskatua zuen ohial harekin estaltzeko), eta hilaren 15ean erraustu zuten. Urtarrilaren 29an omenaldia egin zion ezker abertzaleak, Donostian.

Donostian. IKOR KOTX

GEHIAGO

Txillardegiren biografia hamaika liburu, elkarrizketa, artikulu eta Interneteko orritan jasoa dago honezkero. Horra erakusgarriak:

Advertisements

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s