Esan dute

Joxe Azurmendik:

Atzera begiratzen badugu, gerraondoko uhinaren ekarpen nagusitzat hauek aipa litezke, boteprontoan aipatzeko: nazio kontzeptuaren berrikuntza, politiko (kritikoa abertzaletasun historikoarekin) hala soziala (abertzaletasuna eta sozialismoa uztartuz), internazionalismoa; mugimendu sozialen erupzioa (feminismoa, ekologia); hizkuntzaren garrantzia nazioarentzat, arrazarena edo historiarena baino lehen. Praktikan, euskararen batasuna eta normalizazioa, bizirik iraun ahal dezan eta hizkuntza nazionala izan. Literaturaren berrikuntza, nobelan adibidez, edo zeinahi gaitara zabaldu den saioan. Tradizioarekin etena eta pentsamenduaren modernizazioa, aitaren etxe zaharreko leihoak lehenengo aldian batez ere existentzialismora eta pentsalari kristau moderno frantsesetara zabalduz, gero nolanahiko ideietara. Euskaltzaleen munduaren lerrapena ezkerrerantz. Sozialismo demokratiko ala marxista-leninista iraultzailearen eztabaida. Erlijioaren kritika, gure kasuan nazional-katolizismoarena, eta azkenean horren eraberrikuntza edo arbuioa, eta moralaren askapena Elizaren eta tradizioaren menpetik… Den-denak Txillardegiren ideiak eta ekimenak. Aro berria markatu duten intuizio erabakior guztien iturrietan Txillardegi topatzen dugu. Egia da historiak egiten duela jendea, Txillardegi ere bai. Baina historia ere jendeak egiten du. Eta Txillardegi XX. mende erdi hartako une gurutzealetan Euskal Herriak behar zuen gizona izan da.

Txillardegiren ohorez: ETAren zikloa. Berria. 2011-11-19.

Beti esan dut, Txillardegi ez dela politikaria, baina Euskal Herriko politikak gaur inor gutxiri zor diola gehiago berari baino. Zergatik? Orokorki esateko, Euskal Herriaren ideia berri bat eskertu behar diogu, nik uste. Kontzientzia kultural, politiko, sozial global bat, gero dinamika berri batean bere espresioa izan duena praxi politikoan eta kulturalean ere, euskal gizartean, batzuetan Txillardegirekin, beste batzuetan Txillardegiren aurka ere bai.

Txillardegiren saioa: hastapenen bila. Jakin. 1999.

Martxelo Otamendik:

Euskaldunon Egunkaria jaio zen gaua, 1990eko abenduaren 5a, Lasarteko Industrialdearen erredakzioan. Berripaperaren lehen alea osatzen nahiko lan, eta ez zen astirik izan jaiotza merezi bezala ospatzeko. ETBko lankide pare bat agertu ginen jaiotzear zegoen egunkariaren langile sortzaileei zorionak ematera. Gure ustekaberako ez zen festa girorik, pizza batzuk apenas. Halako batean, Txillardegi agertu zen erredakzioko atetik xanpain botila batzuk eskuetan. Gaua animatu zien nekea eta urduritasuna aurpegietan marraztuta zeukaten aitzindari gazte haiei. Aitzindarien bi belaunaldi bildu ziren gau hartan, maisua eta ikasleak. Inprentara bidali berriak zituzten plantxa haiek irudikatzen zuten ondo baino hobeto urteetan Txillardegik euskararentzat proposatzen zuen modernitatea. Profil poliedrikoa dauka, gutxik bezala herri honetan, Txillardegik. Politika, hizkuntza, soziolinguistika eta literatura. Azken hamarkadetako erreferentzia nagusietakoa. Alor horietan guztietan lehen mailako eragilea izan zen, baina soziolinguistikarenean aitzindaria. (…) Euskararen estatus modernoak asko zor dio Txillardegiri; gaur egun euskaraz egiten diren gauza asko ez ziren egingo Txillardegik pentsamendu eskola sortu ez balu. (…) Asko zor dizugu ,Txillardegi. Egin duzuna zor dizugu, eta egiteko dagoena egitea zor dizugu.

Asko zor dizugu, Txillardegi. Berria. 2012-1-15.

Gorka Bereziartuak:

Kolpe bat eman zion mahaiari «ez dago zereginik» esan ondoren; elkarrizketa batean izandako beroaldia –mahukak bilduta ari zen, izan ere–, keinu bat besterik ez; edo zerbait gehiago, beharbada. Txillardegi izan den guztia ezin laburbil daiteke artikulu batean. Ez batean, ez bitan, hirutan, bostetan, zortzitan, hamahirutan… Ezin da. Osotasuna ordezkatzen duen partea bilatu behar, keinu bat, bizitza baten sinekdokea entseatzeko. Eta mahai-kolpe horrek balio du, izan zitekeelako 2007an egoera politikoak sortzen zion ezinegonak eragindako astindua; baina keinu berdina egiten imajina zenezakeen 1958an EAJrengandik urrundu –«horrela ez dago zereginik»– eta ETA sortzen. Keinu berdina 1967an, V. biltzarraren ondoren ETA utzi zuenean. Mahaian danba, «horrela ez dago zereginik», Euskara Batua behar zela. Beste kolpe bat, Euskal Herrian Euskaraz, ezin zelako hizkuntz eskubideen urraketa etengabea ametitu. Leturiaren egunkari ezkutua, ordura arteko euskal literaturaren mahai kostunbristari kolpea, ezin zelako horrela segi. «Horrela ez dago zereginik», keinu berdina 2000.ean ere, borroka armatuari buruzko hausnarketa faltarengatik Batasunatik atera eta Aralarren sorreran parte hartzen. Keinu hura, 2007ko elkarrizketa hartan, kazetariek Aralar utzi izanaz galdetu ziotenean. «Ez dago zereginik». (…) Euskal Herria aro berri batean sartzera doanean hil da Txillardegi, berak beste batzuekin batera hasi zuen garaia, ETAren jarduerak zedarritutakoa, amaitu eta gutxira. Gaitza izango da datorren fasean aurrekotik zer gorde eta zer baztertu behar den erabakitzea, ezerk ez du berdin jarraituko, ezin du berdin jarraitu, ez politikan, ez kulturgintzan, ez euskalgintzan. Txillardegiren obra eta lan guztietatik batzuk baino ez dira gogoratuko belaunaldi batzuen buruan, historiak langintza mardulenak ere azkar murtxikatu, irentsi eta metabolizatzen ditu. Horregatik, ez genuke gaizki egingo lan horiek sortu zituen espiritua ere gurekin hartuko bagenu, Jose Luis Alvarez Enparantzak, Txillardegik, ardura kolektiboa eta autonomia pertsonala uztartuz ibili baitzuen bere bidea. Herriarekin egon zen, bere izaera galdu gabe. Kontsentsua bilatu zuen abertzaleen artean eta euskalgintzan, baina horrelakorik posible ez zenean, posizioa hartzeko beldurrik ere ez zuen eduki. Eta erakutsi zuen arauari obeditzea baino hobea dela norbere arauak egiten saiatzea, horretarako, batzuetan, mahaiari kolpe bat emanez «horrela ez dago zereginik» esan behar bada ere.

Hil da herrigilea. Argia. 2012-1-22.

Xabier Mendiguren Bereziartuk:

Txillardegi XX. mendearen bigarren erdiko eta XXI. mendearen hasierako euskalgintzaren zutabe nagusietako bat da. Txillardegi ez ezik, aipatu behar dira ere Mitxelena, Villasante eta beste gutxi batzuk. Baina, bere osotasunean, zutabe handiena izan dela esango nuke. Beste batzuek agian literatura edo hizkuntzalaritza landu dituzte, baina Txillardegik Euskal Herri osoaren eraikuntza lotu du. Bere ideiekin ados egon edo ez, inork ezin dio ukatu hasieratik bukaerara izan duen koherentzia. Euskalgintzak eta Euskal Herri euskaldunak galdu egin dute beren aita ponteko nagusia.

Konprometitua, koherentea eta ezinbestekoa. Berria. 2012-1-15.

Joan Mari Torrealdaik:

1960ko hamarkadako belaunaldikoontzat etxeko anaia nagusia bezala izan da. Egin zuena gauza bat da, baina eragile izugarria izan zen. Ausarta zen, printzipioetan finkoa, korrontearen kontra joateko beldurrik gabea, kezkatua, oso kezkatia, intelektualki irekia, konformagaitza eta euskal kulturaren barruan Europako korronte modernoak sartu zituen lehenetakoa. Euskalgintzak izugarri zor dio. Euskara batuaren egiazko aita izan zen. Ez Aresti, ez Mitxelena. Ez alferrik Krutwigek bere euskara batuari txillardegikera deitzen zion.

Berria. 2012-1-15.

Euskararen egoerak barrutik kezkatzen du Txillardegi. Egoera linguistikoak, noski: hortik batasunaren aldeko lehia. Baina are kezkatzenago du hizkuntzaren gizarte egoerak: euskaldun hutsak dira zapalduen artean zapalduenak, harentzat. Bereziki sutzen duena, zera da, gainera: erdaldunaren aurrean euskaldunak duen amore eman behar hori, adibidez lagunartean, bilkuretan, elkarteetan, gizartean… Biziki haserretzen da.

Euskal Herritik erdal herrietara liburuaren hitzaurrean. 1979.

Andres Urrutiak:

Txillardegi gerra osteko euskal intelligentsiaren berregite prozesuan zeregin esanguratsuak bete ditu. Era berean, esker abertzalearen ildoan, ezbairik gabe, hots handiko lana egin du, ekintzaz nahiz lekukotzaz. Nobela egilea, saio egilea, soziolinguistikaren inguruko aditua, kazetaria eta maisua, irakaslea, aukera guztiak baliatu zituena edonon eta edonoiz, euskararen aldeko ideiak barreiatzeko eta gizarteratzeko.

Txillardegi, euskal ‘intelligentsia’-ren haritik. Berria. 2012-1-14.

Emilio Lopez Adan Beltza-k:

Jose Luisek bazekien txiripaz zela euskalduna (kontingentzia), euskaldunen egoera historiko zehatz batean (situazioan) bizi zela, eta, pertsona gisa, unibertsaltasun osoaz, bide egokienaren bila ezkerraren aukera egin zuen, duintasuna eta askatasuna helburu: demokrazia eta sozialismoa, zanpatuen aldeko aukera etikoa (Bertrand Russellen ildotik). Tresna politiko horiekin eman zien erantzuna bere galdera filosofikoei. Txillardegi ezkertiarra zen, ezkertiar demokrata eta antitotalitarioa. Marxismoarekin izan genituen arazoetan, bera izan zen lehenetarikoa ikusmolde orokorren eduki totalitarioa salatzeko, eta lehena Merleau-Ponty bezalako izpiritu azkarrak aipatzeko.

Txillardegiren gorazarrean. Argia. 2012-1-22.

Koldo Zuazok:

Badira herri baten historian ezinbestekoak diren lagunak eta, Euskal Herrian, XX. mendearen bigarren erdialdean, ezinbestekoa izan da Txillardegi. Gerraosteko urte beltzak bizitzea egokitu zitzaion, euskara eta euskal sena itzalita zeudenean Donostian, eta herri sen hori atzera berriz osatzen eta ondorengoei pasatzen ahalegindu zen Txillardegi. Hari eta haren ingurukoei zor diegu euskara ezartzea herrigintzaren oinarrian. Ordu arteko egitasmoan arraza zen ardatza, eta hizkuntza baztertuta eta alde batera utzita zegoen. Etena, beraz, garbia zen, eta etena, gainera, ez zen hitz hutsezkoa izan: Txillardegik berak, esate baterako, gurasoek erakutsi ez zioten euskara ikasi eta hizkuntza horretan egin zuen bere ondorengo ibilia.

Nori berea delako zuzenbidea. Berria. 2012-1-17.

Lurdes Auzmendik:

Kosta egiten zait imajinatzea nolakoa izango zen euskara Txillardegi gabe. Euskara batuaren sorrera Koldo Mitxelenari, Aita Villasanteri eta Txillardegiri berari, besteak beste, zor baitiegu. Euskara baturik ez balego, gure hizkuntza bospasei dialektotan zatiturik legoke, bakoitza bere aldetik, besteetatik bereizteko norgehiagoka agian. Euskara baturik gabe, ez genuke unibertsitate, administrazio edo telebistarik edukiko euskaraz. Euskara ez litzateke hizkuntza moderno bat izango, zientzian eta Interneten naturaltasun osoz erabiltzen dena.

Euskarari eskainitako bizitza. Berria. 2012-1-15.

Joxe Manuel Odriozolak:

Euskararen herriaren branka belaunaldi berrietan zekusan, beraz. Oraingoek eta etorkizuneko euskal belaunaldiek ez al diote hutsik egingo Txillardegiren itxaropenari! Horrenbeste merezi du guztiontzat eredugarri izan den euskaltzale abertzale handiak. Zorretan gaude, zorretan egongo dira. Hi izan haiz gure itsasargia.

Txillardegiren brankan. Berria. 2012-1-15.

Juan Martin Elexpuruk:

Goitik beherainoko intelektuala izan da Txillardegi. Integrala, jakintza-arlo ugari jorratu dituena, politikan eta beste ezertan bustitzeko beldurrik izan ez duena. Kontzientziak agintzen ziona egiten zuena. Beroa. Heterodoxoa, baina ez nabarmenguraz. Apala, goxoa, entzuten zekiena, lagun ona. Maitagarria. Nik uste Euskaltzaindiko atea itxi zioten euskaltzainek ez zutela benetako Jose Luis ezagutzen.

Gorputz eta anima. Argia. 2012-1-16.

Jon Sarasuak:

Bost hamarraldi. Hori dugu aro baten neurria. Euskararen loraldi modernoaren aroa, ETAren zikloa, kooperatibena, literaturarena eta beste hainbat prozesurena. Belaunaldi progresista izan da aro horren bultzatzaile nagusietakoa, bakarra ez baina. Prozesu sozialak konplexuak izaten dira, eta mila eragin estrukturalen bidez azaltzen ditugu, baina ezer ez da gertatzen pertsona jakin batzuen jenio berezi hori gabe. Gaitasun biderkatua duten pertsonek, azken aldian uste ohi duguna baino eragin handiagoa izaten dute gure historietan. Elur-bolak martxan jartzen dituzte, luzerako ildoak markatzen dituzte, eta desadostasunak agertzen dituztenean ere, nagusitzen den gehiengoak baino usaimen finagoa zutela erakusten du denborak gehienetan. Txillardegi horietako bat da. Belaunaldi progresistaren ekarpenak eta hutsuneak aztertzeko unea iritsiko da. Euskal progresiaren amets, gaitasun, obsesio eta mozketetan, gure lorpen eta porroten gako asko daude. Gaur ez. Gaur gizon itzela ohoratzeko eguna da. Pertsona adimentsu, libre eta eskuzabal honen oroimenaren aurrean hunkiduraz isiltzea ateratzen zait. Nire sustraia dut, beste sustrai-adar askoren artean. Nire errealitate batzuk, bere adimenaren adar dira. Nire ametsa bere ametsaren zordun da.

Gaitasun biderkatua. Argia. 2012-1-16.

Joxe Austin Arrietak:

Euskal Herria alargun, eta gu umezurtz, Jose Luis, zu gabe.
Ez, ordea, su gabe, hauspo baitzaitugu, izan eta izanen.
Zuri esker hizkuntza ez baitugu indar huts,
sugar lerden baizik, izar ezin iraungi, indar ororen gordailu.
Agur eta ohore Txillardegi, Euskara Herriaren gudari.

Poema. Berria. 2012-1-14.

Baleren Bakaikoa Azurmendik:

Txillardegik Euskal Herriari egin dizkion ekarpenak inork ez ditu ukatuko. Berea, abertzalegintza zen, dena bere herriaren alde ematea. Hala ere gizon handi honek zerbaitekin sufritu baldin bazuen Euskaltzaindiko kide osoa izateko ezetza eman ziotenean izan zen. Bere baitan ez zen sartzen euskararen alde, modu zientifikoan eta literarioan, hainbeste eman ondoren, nola ez zitzaion onesten euskara indartu eta hedatu lanean ari zen erakunde horretan. Nire uste apalean, Euskaltzaindiak aukera paregabea galdu zuen erakunde hori prestigiatzeko Txillardegi bezalako pertsona jakintsu eta langilearekin. Hala ere, bere obra handia, euskal politikan, literaturan, linguistikan eta kulturan, hor dago, zenbaitzuen miseriak agerian jartzeko, baina kaltea eta samina inork ez dizkio kenduko gure gizonari.

Inkonformista baten bizitza aberatsa. Argia. 2012-1-16.

Miren Azkaratek:

Askotan esaten dugu «izan direlako gara; garelako izango dira». Ezin da jakin zer gertatuko zen Baionako Biltzarra izan ez balitz, Euskara Baturik izango ote genukeen, edo nolako izango zen balizko Euskara Batu hori. Baina ez da zalantzarik gaur guztion artean landu eta umotu dugun eredua zordun zaiola Jose Luis Alvarez Enparantza Larresorori, bere kemenari eta lanari.

Jose Luis Alvarez Enparantza Larresoro. Gara. 2012-1-5.

Xabier Kintanak:

Jendea bere eginetatik ezagutzen delako esakunea egia baldin bada, erraz uler daiteke zergatik askok geure abertzaletasuna, neurri handiz, Txillardegiri zor diogun. Eta diruzkoak ez diren zorrak, kasu honetan bezala, kitaezinak dira.

Txillardegirekin zorra ezin kitatuz. Berria. 2012-1-20.

Xabier Mendiguren Elizegik:

Euskarak galzori bueltarik gabekoan zirudienean, euskara ikasi zuen, horretarako baldintzarik txarrenetan, eta herri honen funtsa hizkuntzan zetzala irakatsi zigun, aurreko abertzaletasunaren oinarri arrazial eta historizistak baztertuz. Euskararekiko atxikimendu teoriko eta praktiko hori zor diogu beste ezer baino lehen, gure literatura berrituz eta hizkuntzaren batasunerako oinarriak jarriz, baita aberriak eta hizkuntzak elkarren behar gorria dutela behin eta berriz errepikatu izana ere.

Haiengatik gaude hemen. Berria. 2012-1-15.

Deigarria egiten da zenbateraino izan den Jose Luis intuizio-gizona. Etorkizunera argi ikusi, bidea markatu, eta bide horretan buru-belarri abiatu dena. Ez dago zalantzarik, bestalde, bide horrek goitik behera baldintzatu duela XX. mendearen bigarren erdia, eta horrenbestez baita gutako gehienon bizitza ere. Eztabaidagarria izan liteke, berriz, zenbateraino asmatu duen intuizio horietan guztietan.

Txillardegi: 75 urte. Argia. 2004ko uztaila.

Joxean Agirrek:

Gauza asko izan da Txillardegi: literaturagile, idazle, hizkuntzalari, ekintzaile, pentsalari eta irakasle. Belaunaldi batek «Huntaz eta hartaz» liburuko saiakera laburrak irakurriz ezagutu genuen Txillardegi. Teilhard de Chardin, Kierkegaard eta Ghandi aipatzen ziren han behin eta berriz, eta Sartreren nahiz Bertrad Russellen aipuak biltzen zituen, garaiko gazte askok ikur bakartzat marxismoa zutenean. Txillardegi, ordea, ezberdina zen eta izan da geroztik ere. Humanista bat zen. Kolektiboa gizakia zapaltzen duen makinaria bat zela uste zue,n eta ideia horri eutsi egin zion, bere erreferentzia nagusienetako batzuk, Sartrek esate baterako, ziaboga harrigarri bat egin eta Parisko gazte maoistekin bat egiten zuen bitartean. Txillardegiri, noski, marxismoa hirugarren munduko korronte ideologikoa iruditzen zitzaion.

Arrastoa utzi duen gizona. Gara. 2012-1-15.

Laura Mintegik:

Gaur berretsi nahi nuke nire eskerrona berarengandik ikasi genuelako literatura iraultzailea ez dela nobela komandoz eta militantez betetzen duena, baizik eta apostu literario berritzaile eta ausartak egiten dituena. Berak erakutsi zigun arriskuak hartzen eta ezer ez ematen jakintzat, erratu arren. Merci, Txillar, eta musu bat.

Chapeau, Txillar. Gara. 2012-1-15.

Martin Ansok:

Alabaina, egia baldin bada gizakion benetako aberria haurtzaroa dela, hainbat autorek idatzi eta esan duten bezala, Txillardegiren aberria Antigua zen. Eta hori oso garbi geratu zen Antigua 1900 liburuan, memoria eta maitasun ariketa harrigarri hartan. Esan dezadan, bide batez, sinistuta nagoela Antigua toponimo zaharrak azken urteotan izan duen susperraldia (Antiguoren ordez) hein handi batean Txillardegiri zor zaiola, hark berreskuratu eta batez ere prestigiatu baitzuen. (…) Donostian bada Urrezko Domina deritzana, Udalak egiten duen aitorpen gorena. Ez dakit ematea posible izango den, baina mereziko luke. Ez Txillardegirengatik (ohituta zegoen aitorpen ofizialik gabe bizitzen, eta hari lausenguak bost, zeresanik ez hil eta gero), gugatik baizik. Izan ere, nekez aurkituko da XX. mendeko donostiarren artean kulturari Txillardegik bezain ekarpen erabakigarria egin dionik. Dena dela, nago badela Urrezko Domina delakoa baino askoz gehiago estimatuko lukeen “sari” bat. Santa Klaran, haren paradisuan, aztarna batzuk aurkitu zituen. Eta aztarna horien gainean indusketa edo, behintzat, zundaketa arkeologikoak egitea komeni zela sinistituta zegoen.

Txillardegi, antigutarra eta Donostiyakoa. Elkar. 2012ko urtarrila

Patxi Zabaletak:

Ezkerrekotzat eta abertzaletzat eduki zuen beti bere burua, eta zintzo eta zorrotz jokatzeko joera zeukan edonolako egoeratan, eta baita hortik kalteak etorriko bazitzaizkion ere. «Ez nago modan» hainbeste eta hainbestetan aitortu behar izandako gizakia zen, eta irizpideak beti lehenetsi behar direlako uste sendoarekin jarduten zuen bizitzako arlo guztietan, eta arerioaren neurriari jaramonik egin gabe. Eztabaidari sutsua eta pentsamenduarekin beti kezkatuta, ez zuen inoiz bere ikuspegirik ezkutatu edo leundu nahi izaten; horixe zen alde batetik bere xarma, eta bestetik bere muga.

Txillardegi, aitzindaria. Berria eta Gara. 2012-1-15.

Maren Belastegi Guridik:

Zuregandik jaso genuen, Jose Luis, euskarak behar zituela arnasguneak, euskaldunok euskaraz aritzeko esparruak behar ditugula, euskara desager ez dadin. Xabier Isasirekin batera idatzi zenuen Soziolinguistika matematikoa liburuan defenditzen zenuen «bi hizkuntza elkarrekin bizi diren eremuetan, Euskal Herrian kasu, gune euskaldun huts batzuk ez badaude, euskara ez bada beharrezkoa, alegia, galdu egiten dela». Zuregandik jaso, eta egunero-egunero praktikan jartzen saiatzen gara UEMAko lurraldea osatzen dugun udalerrietan.

Txillardegiren ekarria euskararen arnasguneei. Berria. 2012-1-19.

Adolfo Arejitak:

Labur epaituz, beldur barik esan daiteke beste batzuekin batera, gudu ondoko euskal gizartearen joan-etorrian pentsaera aldetik eraginik handienetarikoa izan duen idazle, politiko eta pentsalaria izan dugula Txillardegi. Gizon maitagarria eta maitatua, beraren iritzi zorrotzak batzuetan mingarri gertatu arren zenbaiti. Esker on eta goraintzi, Txillardegi, euskarari, euskal literaturari eta euskal gizarteari eman diozun guztiagatik, hutsaren truke. Gogoan zaitugu.

Txillardegiren heriotzean. Diario Vasco. 2012-1-16.

Aureli Argemik:

Aquests valors que, d’alguna manera, dibuixen, ni que sigui només a grans trets, la personalitat de Txillardegi, ens el fan, d’alguna manera, més present encara al moment de la seva desaparició entre nosaltres. La memòria del que ell va ser se’ns presenta com a un referent vitalitzador, com un exemple del que hauria de ser una resistència amb garanties que pugui arribar un dia al bon port. M’ho havia apuntat en l’última trobada que vam compartir: la situació cultural i política del País Basc no és la que voldríem però cada dia és més clar, als ulls del nostre poble, l’horitzó vers el qual hem de caminar. Gràcies, amic Txillardegi!

Txillardegi, un símbol de la resistència basca. Nationalia. 2012-1-18.

Dani Goñik:

Niri dagokidanez, Zorroagan zure ikaslea izateko zortea eta ohorea izan nuen. Soziolinguistika irakasten zenigun. Irakasle konprometitua eta zorrotza, inoiz huts egiten ez zuena. Gogoan dut gurekin haserretzen zinela bibliografia ingelesez eta frantsesez ematen zenigulako kexatzen ginenean; nola zen posible gu, ikasle gazteak artean, ez moldatzea ingelesez edo frantsesez irakurtzeko? A ze alfer koadrila!

Eskerrik asko, Txillardegi. Irutxuloko Hitza. 2012-1-17.

Jon Urruxulegik:

Txillardegi gizon globala izan zen. Dena interesatzen zitzaion, dena aztertzeko gaitasuna zuen, jakitun zen guztia elkar erlazionatua dagoela. Hori bai, euskara izan behar zuen, ordea, oinarri jaso nahi zuen eraikinak. Bere iritziz ez zen aski euskararen alde gogor egitea, euskara jorratu, biziberritzen saiatu, mundu modernorako tresna egoki bihurtzen saiatzea. Euskarak pertsonaia indibidual jakintsu batzuen zientzia baino zerbait gehiago izan behar zuen. Herriaren eguneroko tresna zegoen bihurtu beharra. Eta lorpen hau politikan ikusten zuen, euskal gobernu independente baten euskarazko administrazio global baten eraginpean. Horregatik, politikari berebiziko garrantzia ematen zion, baina politika hori euskaraz hezur-mamitu behar zen, euskaraz eta hasieratik, honetan kontsekuente ez izateak Irlanda bis eraikitzera eramango gintuela eta. Koherente izan nahi horrek, arerio asko ekarri zion. Politikari askorentzat politika bera bihurtzen da helburu, Txillardegik argi zeukan, ordea, helburua, goi-helburua: Euskal Herria helburu.

Que mas da decir etxe o decir casa. Berria. 2012-1-19.

Txema Ibarburu Arotzenak:

Txillardegik garbi ikusten zuen «naturaren sarraski hazkorrak gizadia bera arriskuan jartzen duela»; horregatik, «errotikako ekologismoaren behar gorria dagoela» pentsatzen zuen (Euskal Herria helburu, 1994). Baina, ezaguna denez, Txillardegi bat eta bakarrean, pentsamenduzko gizona eta ekintzazko gizona banaezinak dira. Horregatik, pentsatu ez ezik, ekologistok antolatutako ekintzetan ere parte hartu ohi zuen. Zaborren behar bezalako kudeaketaren aldeko edota Abiadura Handiko Trenaren kontrako manifestazio jendetsuetara joaten zen, baina baita askoz ekintza xumeetara ere. Gogoan dugu, esaterako, Caudilla kondearen parkea izandakoaren babesa eskatzeko egin genuen kanpaldi hura. Txillardegi eta Jone izan ziren beteranoenak, jakina. Gogoan dugu, halaber, Berioko artea bota nahi zutela eta, luzatu zigun eskua, «espanturik gabe», esan eta egin ohi zuen bezala.

Txillardegi, ekologista eta antitaurinoa. Berria. 2012-1-21.

Ur Apalategik:

Txillardegi kritikatzea –eta ez gara orain literaturari buruz bakarrik ari– gure intelligentsiaren kirol kuttuna bihurtu zen 80eko hamarkadan. Idazle edo saiakeraegile belaunaldi berri oso baten erasoak jasan zituen orduan, eta hori da behar bada egin zekiokeen omenaldirik handiena, paradoxa badirudi ere. Izan ere, Txillardegiren belaunaldi heterodoxoak Orixe «aita» hil behar izan bazuen euskalgintzari modernotasunaren ateak irekitzeko, Trantsizio garaian idazten hasitako «autonomiaren belaunaldiko» partaideek Txillardegiren figura dominatzailea kontra-eredu gisa hartuz eratu zuten beraien nortasun propioa. Hark betidanik aldarrikatzen zuen kulturaren politizazioa gogorki salatzen zutelarik garai hartako idazle gazte batzuek, berriro ere paradoxa, irizpide ezin politikoagoen arabera sistematikoki deskalifikatu ohi zuten hark egindako oro. Ezin izan idazle ona ezker abertzaleko norbait. Gezurra badirudi ere, doxa bihurtzeraino zabaldu zen uste hori, errepikatzearen errepikatzeaz. Txillardegiren itzala luzea zen seinale, zer duda. J.M. Torrealdairen Euskal idazleak gaur liburuan (1977) euskal idazleetan estimatuena eta miretsiena bezala agertzeak ez gaitu, beraz, harrituko. Azken bi belaunaldi hauen arteko auziaren txingarrak erraustu diren honetan, historia liburuetara behin betiko igaroak, iritsi bide da Txillardegiri begirada zohardi eta begirune maitekorra eskaintzeko unea.

Txillardegiri buruzko jardunaldiak KMKan. 2004ko urria.

Pruden Gartziak:

Tira, ezin esango dugu 1957ko Txillardegi euskal abertzale tipikoa zenik, abertzale tipikoek ez baitzuten Unamuno maite. Ez zen, bestalde, atipiko bakarra, besteak beste hor baitago Salbatore Mitxelena, puntu honetan, eta beharbada beste hainbatetan, Txillardegirekin sintonia osoan dagoena. Koldo Mitxelena bera ere ez zebilen hain urrin, hitzaldiaren antolatzaileen artean baitzegoen. Beraz, esan dezagun garbi: Txillardegiren abertzaletasuna oso originala zen, hutsetik sortua ez izan arren, alegia, giro zehatz batean txerta zitekeen arren, giro hori minoritarioa ez, infimoa baitzen sasoi hartako Euskal Herrian. Baina Txillardegiren originaltasunak badu beste iturri bat Euskal Herriarekin edo Unamunorekin zerikusirik ez duena. Eta iturri hori Paris da, edo zehatzago esanda, Pariseko giro intelektual ezkertiarra, edo, izen bat emateagatik, Jean Paul Sartre.

Kundera etorri duk hitaz galdezka. Txillardegiri buruzko jardunaldiak KMKan. 2004ko urria.

Txipi Ormaetxeak:

Intelektual petoa dela
esatea da zilegi
Euskal Herria helburu hartuz
tinko gailen da ageri
euskaltzalea, abertzalea
batetik bat eta erdi
jaso duzunaz alderaturik
eskaini duzu gehiegi
bihotz barnetik ateratzen zait:
mila esker Txillardegi.

Euskararen aldeko borroka. Txillardegiri buruzko jardunaldiak KMKan. 2004ko urria.

Gotzon Aurrekoetxeak:

Historiaren gainbegirada honetatik ondorioztatzen den lehen baieztapena Txillardegi dela euskara batua abian jartzeko ahalegin gehien egin duen euskaltzalea esan dezakegula uste dut. Aldi berean, Txillardegi da euskara batuaren aldeko ekimen luzeena egin duena, zalantza barik. Hirugarren ondorio gisa, Txillardegik ekoiztu duen guztia ikusiz gero euskara batuaren aitzindaria izateaz gain aita dela esan daitekeela uste dut.

Txillardegi eta Euskara Batuaren kondairaz. Txillardegiri buruzko jardunaldiak KMKan. 2004ko urria.

Mari Jose Azurmendik:

Esan dezakegu Txillardegi dela euskal intelektual handienetakoa Euskal Herrian, XX. mende erdiaz geroztik, zenbait arlotan, soziolinguistikan ere. Nahitaezko erreferentea da, aipagarria, edozein euskararekiko soziolinguistikako gaietan. Horrek ez du esan nahi, ordea, berak esaten duenarekin adostasun errezik lortzen denik, alderantziz baizik. Askotan ez da ulertua izan, agian ez ulertua gehiago ez onartua baino, momentuan behintzat, sortzaile aurrekaria eta futurista izan delako askotan.

Txillardegiren alderdi soziolinguistikoa. Txillardegiri buruzko jardunaldiak KMKan. 2004ko urria.

Jexux Mari Irazuk:

Atzo goizean jaioa ez baina
euskaldun berria dugu
Euskaltzaindiko ardi beltz batek
euskara nola batu du?
Jagi-jagi ta Ekin ta ETA.
zebilen tokian buru
herri, erbeste huntaz ta hartaz
bizitza bera liburu
Euskal Herria helburu.

Doinua: Saltarina da txepetxa.

Argia. 2000ko azaroa.

Imanol Esnaolak:

Ez da erosoa gertatzen ordea, Jose Luisek egindako ekarpena definitzea. Gatazka, borroka, berreuskalduntzea eta glotopolitika dira, beharbada, bere ekarpenaren unibertso kontzeptuala osatzen duten elementuak. Euskaltzaleak ohituago gaude beste kontzeptu batzuek bilatzen, hala nola maitasuna, normalizazioa, adostasuna, errespetua. Eta Txillardegiren lanak errotik erauzten ditu kontzeptu horiek hartuta abiatzen den berreuskalduntze egitasmoa. Berehala esango digu euskara bera ordezkatu nahian dabiltzan frantsesa eta espainolarekin gatazkan dagoela euskararen herria. Eta Euskal Herria berreuskalduntzea dela honek irauteko duen modu bakarra. Eta eremu politikoan ebazten dela auzi linguistikoa. Egia gordinegia, beharbada, bake irrikaz dagoen herri zapaldu batentzat.

Txillardegi glotopolitikan. Bat Soziolinguistika Aldizkaria. 2009.

Bitoriano Gandiagak:

Politikan, hizkuntzan,
hor dabil jo ta ke,
enbido ta xake,
handiak hartu arren
beti “al ataque”;
jokoan bai du bere
ondasun ta bake,
bizirik dueneino
aurrera doake
kantxa beteko ekaitz
erresto ta sake.

Jean-Louis Davantek:

Bai, hala da: Txillardegi, euskara batuaren aita dugu, gero Mitxelena gozaita, eguzaita, aita pontekoa izango bazen ere. Euskara batua hazten ari zaigu beti, edozein izaki bizidun bezala. Txillardegi bera ere ez zen lehenbiziko pauso hartan gelditu, etengabe aurrera egin zuen, jo aitzina! Badakigu, aita batek ez du haurra osorik egiten, handiena gero amari dagokio, baina zinezko aita beti hor dauka laguntzaile. Txillardegiri biak zor dizkiogu: lehenbizki pindarra, hura gabe haurrik ez baita, eta gero bere lanez Euskatzaindiari ekarri dion hazkurria, nahiz bien arteko ezkontza gutiz hutsegin genuen 1980an. Euskaltzain oso izateko, Patxi Altunarekin lehian gertatu baitzen, horrek baino boz gehiago bildu zuen, baina gehiengo osora heldu gabe, bi boturen faltan. Euskaltzaindiaren betoa izan zela erran zen, eta ez da egia. Politikaren aitzakia ere aipatu zen, eta hori ere ez da egia, lekuko nago: Mitxelenak eta San Martinek bereziki boza Txillardegiri eman zioten. Egia hau da: apez anitz bazegoela orduan Euskaltzaindian, eta horietarik parte on batek Aita Altunari eman ziola. Ondoko bilkuran berriz hasi behar genuen, eta hor aurkeztu bazen, seguru nago Txillardegik eremanen ziola, aitzinean egonez: besteek amore eman beharko zuten. Gero berantegi zen. Dena dela, ondoko euskaltzainek ez dute horretan ilustekorik, eta beti saiatu dira Txillardegiri zor diogunaren adieraztera, bereziki 2005ean Donostian egin genion omenaldian, Iker saileko 17. liburua eskainiz. Berari on egin zion, eta guri zelan ez! Goian bego Txillardegi, euskara batuaren aita.

Txillardegi, batuaren aita BaionanLe Journal du Pays Basque. 2012-1-18.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s