Biarnoko nafarrak

Nork daki, ordea, euskaldunen artean, Paueko harmarriaren ezagugarria Nafarroako kateak direla? Nork ote daki gure artean Paueko Diputazioari «Parlement de la Navarre» deritzala gaur ere? Nork ote daki Zuberoko Forua biarneraz idatzia izan dela? Nork daki Biarnoko Eskiula, Inhasi, Sarraltzune, Arantze, Jeruntze, euskaldunak izan direla oraintsu arte, eta euskaldun dirautela baserrietan, behinola mendialde osoa bezala? Nork ote daki biarnotarrak arbola baten azpira biltzen zirela, Gernikara bizkaitarrak bezalaxe? Nork ote daki Biarnoko mendialdean (Biarnoko «bortian») oraindik ere haizkolari apustuak badaudela, xirula eta ttunttuna jotzen direla (Santa Orosian bezala!); eta Lacq-en ondoko Monein-go dantza-taldeek XX. mende honen hastapenetan beretan euskal dantzen txapelketetan hartu ohi zutela parte, «ohitura zaharrari jarraituz»? Nork daki gure artean Biarnoko eta Nafarroako foruak ia berdin-berdinak direla? Nork daki gaur Euskal Herrian Biarnoko eskualdea non dagoen ere? (…) Otsailaren 28an Lescar-era (Paueren ondo-ondoan dagoen antzinako Laskurri-ra, alegia) bildu dira Biarnoko alkate eta intelektual batzu. Eta Alexis Arette-k antzinako Udaletxean, biarneraz, «Lou Prouclam de Siros» deritzan Agiria irakurri du. Laskurri-ko katedrale zaharrean dautzan nafartar erregeen gorputzek ez zuten aspaldi honetan horrelakorik entzun! «Biarnotar abertzaleak gara» ohiukatu du ozenki Arette jaunak ( = «Nous sommes des nationalistes béarais», dio frantses itzulpenak). «Ba dago kondairan barrena biarnotar nazio bat. Eta orainak ez dezake deusik iraganaren kontra…» Horra doinua! Eta honela ekin dio: «Nola edo hala… gure herriaren barne-deia hauxe da: bere jatorrizko ondasuna berriz biltzekoa». (…) «Fraintziaren barruan biarnotar ondasunak salba ezin balitezke, Fraintziarekiko Ituna edo Tratua hautsirik geldituko litzateke… Ala bilatzen ari garen tratu-berrikuntza hori lortuko da, ala Erresumaren puskaketa gertatuko da» ( = ou il y aura éclatement de la Nation). Siros-ko Agiriak hitz ederrik ba du gero Nafarroarekiko: «Biarnotar nazioa bere lege berezien arabera hazi da, halako batez beste zenbait herrirekin batera Nafarroako Erreinura sartu arte. Politikoki nafartarrak izanagatik ere, geure nortasun bereziari dagokion aldetik ez digu horrek batere kalterik ekarri. Occitania-tik berezirik atxikiz, Nafarroak biarnotar atxiki gaitu. Biarnotar atxikiko ote gaitu orain Fraintziar? Horra hor kakoa…»

Lou prouclam de Siros. Euskal Herrietatik erdal herrietara. 1974

Advertisements

Jon Mirande, beti kontra

Jon Mirande KONTRA ZEN: moda eta joera indartsu guztien kontra. Bizi guztian kontrakarrean ari izana da. Gaur errazegi iruditzen zitzaion, nunbait, euskaltzale eta aurrerazale agertzea; eta biak ukatu ditu. De Gaulle 1944-1945-an nagusitu zelarik, Erresistentziak sekula ez egindako balentriak aipatzen hasi zen hanartean izkutuan edo bildurtuta ibilitako frantses anitz; eta orduantxe gure Mirandek, nardaturik, kontrakarrean jokatuz, «nazional-sozialista» aitortu zuen bere burua. Eta nik ezagutu nuen Mirandek, askoz beranduago, nazi eta arrazazale jotzen zuen bere burua, beltzen kontrako eta juduen kontrako zer esanik ez; eta esan ere egiten zuen argi eta garbi, bazterrak asaldatu eta erronka jo nahi balu bezala. «Euskaldun fededun» ekuazioa sakratu jotzen zen garaian, Mirandek garrazki eta goraki esan zuen berak ez zuela horrelakorik ezer sinesten, ez nahi. Setsu-arazoetan, era berean, emakumeen aldeko Eros-giro betean, beharbada oso gogoko zuen Baudelaire-ren bidetik abiaturik, emakumeei muzin egin eta gizonezkoei eskaini zizkien bertso nabarmen batzu. Mundu-guduaren ondoko joera «super-demokratikoan» (hitzetan bederen), Mirandek demokraziaren eta sozialismoaren zentzugabekeriak salatu zituen; ahulak altxatu, indartsuak beheratu eta biologiazko aurrerapena, beraz, zion Mirandek, geldiarazi egiten duten alderditik. Estatolatria betean gaudelarik, Mirande zapaldutako etnia ahantziez arduratu zen gogoz, galtzear diren hizkuntza zeltikoak, bretoinera batez ere, arras menderatu zituen. (…) Jon Mirande, beraz, kanpotikako itxuraz eta bere ustez guztiz eskuindar agerturik ere, ba zedukan txit erroturik, hain zuzen ere ahulak altxatzeko eta modan daudenak azpiratzeko nahi gorria; eta funtsean zer izan ote den galdetu beharra dago. Mirande KONTRA zegoela esan dut; eta aurkatasun funtsezko eta guztizko honetan bilatu behar bide litzateke Mirande-ren kakoa. Mirande ez baitzen, ene ustez, kontserbadore klasiko eta merke horietako bat. (…) Beste bitxikeria bat: Mirandek ez zuen osasun handirik, baina Hitler-en eutanasia onartzen zuen! Eta oraino beste kontradizio bat, agian denetan sakonena: gurasoekin etxen Sorhueta-ko (Sohüta-ko) zubereraz mintzo ―honela ezagutu nuen nik― biziera guztia pasa du Parisen Mirandek; eta antikonformista amorratua zena, funtzionario huts gisa bizi behar… (…) Gauza ageria zait Miranderi zordun gatzazkiola euskaltzaleok; eta euskararen ezaguerari dagokionez ere bai, urrun baikaude oraindik Mirandek euskara zerabilkien maisutzatik. Ba zekien euskaraz Mirandek, alajainkoa! (…) Ideien aldetik inolaz ere ados ez izanik ere (…) Mirandek ene goratzarrea merezi du, eta denona ere bai.

Jon Mirande Aipharsorhoko. Euskal Herritik erdal herrietara. 1973

Marxen fededunak

Tradizino katoliku gotorra duen herri bateko seme garenez gero, San Tomas bezalaxe hartu dugu Marx; San Tomas-en teoriak bezala orain Marx-enak apaizen eskuetan eta sermoi gisa azalduak. Eta gure herria, aspaldidanik liburu sakratuen egia borobilak osorik iresten ohituta, liburu sakratuz aldatu da; baina ez liburu sakratuen sistematik at irten. (…) Marx ezagutu behar da; baina Sartre, Russell, Sri Aurobindo eta Lacan ere bai. Hitz batez, gu klerikalismoan bizi izan gara luzaz, eta ez gara horretatik atera. Ez pertsonei degokienez, ez pentsakera-moldeei dagokienez. (…) Ba dakit. Ez dute hau entzun ere nahi batzuek. Langileria bat sortu da gurean; eta honek ez bestek ekarri omen digu gainerakoa. Ene erantzuna hau da: bai eta ez. Bai, kapitalismoaren ondorioak jasaten ditugun aldetik; ez, berriz, Elizaren krisia jasaten dugun aldetik. Zer uste dugu bada? Mendeetan zehar katolikutasunak utzitako aztarnak eta sustraiak sotana-kontu htus bat direla? Tira, tira! Elizak markatu du Euskal Herria ezin sinetsizko moduan, Irlanda edo Austria edo bezala. Budismoak Tibet markatu duen bezala.

Azurmendi Rikardoz mintzo. Euskal Herritik erdal herrietara. 1973

Larrioja, Larreolha

Ezen Rioja hori «Rio Oja» balitz (sineskaitza erdarakada hori aspaldiko mendeetan!), ulertu ezina bailitzake «La Rioja» esatea, eta ez «El Rioja». Badirudi, beraz, «Larrioja» htiza azaldu behar dela, osoan hartua; Elorrio azaldu behar den bezala, eta ez zenbait aldiz irakurri den «El Orrio»; Puente-Larraina ( = Larrainzubi Gares), eta ez Puente La Reina; Casa-Larraina, eta ez Casa La Reina; Labarrieta ( = Olabarrieta), eta ez Las Barrietas; eta abar. Hor ditugu-ta, Larrañaga, Larrainzar, Olabarrietan, Elhorriaga,… La Reinosa, era berean, Larrainosa-tik bilatu behar litzateke ene ustez. Rioja, era berean, «Larrioja» hitz osotik azaldu behar (gauza bera Larrun, frantsesez La Rhûne!). Hots, antzinako Barolhak (eta dokumentuetan agertzen den forma zaharra «lh»-z idatzia dator, mari-xukaldeen euskararen mailatik irten diren guztiek dakiten bezala) Baroja ematen badu, antzinako Zubilhanak Subijana, eta Urbillanak Ormijana, Larrioja hori LARREOLHA-k emana duke. Hain zuzen ere, Iparraldean badago La Réole izeneko herri bat, Garona hibaiaren hegian. (…) Toponimiaren maila horretan geldituko ote da, ordea, Errioja-ren arazoa? (…) Gil del Río-ren liburua irakurtzen ari nintzelarik, «Información Comercial Española» aldizkaria hartu nuen (467-468 banako bikoitza); eta teknokraten izenpuruan hau irakurri nuen: «Hacia una nueva región vasca». Zenbait ekonomistaren lan-bilduma gotor hau, datoz josia, Madrilleko Unibertsitatean erakasle dagoen Saez de Buruaga erriojatarrak prestatu du; eta bildumaren ideia nagusitzat hau ageri da geroari buruz: «La adscripción de la Rioja al área vasco-navarra». Egia esateko, dio S. Buruagak, proposatzen den Euskal Herri «berri» hori ez da, izan, Euskal Herri zaharra baizik, Antso Handiaren Nafarroa zabala alegia. Errioja, dio gutxi-gora-behera, Euskal Herriko atal bat da; baina «sus raíces vasconas fueros más rápidamente romanizadas». Erriota-tikako ikuspegia Nafarroa eta Euskal Herria izan ziren antzina; eta ondoko urteetan Nafarroa eta Euskal Herria izango dira. Aspaldiko kontuak, horrela, BIHARKO kontu bihurtzen ari dira; eta Erriojako ekonomilariek hartzen bide dute kondairagileen segida. Geografiak, Kondairak, Folkloreak, Ekonomiak, eta… erriojatarren beren nahiak, bat eginik, Santo Domingo de la Calzada Ozkabarte izan zela eta Ozkabarte izango dela gogorazten digute. Ate joka ari dira Hegoaldean. Dei hau, bestalde, ez dugu lehenengo aldiz entzuten. Jakingo ahal dugu aditzen, lelo hertsi batzu baztertzen, eta urrikirik gabe ukatutako anaia etxen onartzen!

Ongi-etorria Ozkabarte-ri. Euskal Herritik erdal herrietara. 1972

Zuberoa husten ari

Barkoxtar eta zuberotar gazteak euskara zeharo baztertzen ari direlako. Adineko jendeak, hau egia da, euskaraz ari dira beren artean. Baina gazteak frantsesez. Barkoxe, Eskiula, Atharratze, Maule, eta Etxahunek orain dela ehun bat urte osoki euskaldun ezagutu zituen herriak, kaskointzen ari dira. Euskara, bere horretan, traba zaie zuberotarrei; eta ez mintzabide. Ez jakintzaren tresna, eta ez jakintza-bide. Are gutxiago irabazpide. Eta zuberotarrek euskara ahaztutzea erabaki dute. Etxahunen bertso apartak, horrela, belaunik belaun zuberotarren pozgarri izan ondoren, gaur liburuetan bildurik irakur daitezke, baina nekez Barkoxeko edo Atharratzeko gazteen ahotan; gazte jendeak ez baititu… konprenitzen! Etxahun arrotz ari da gertatzen bere sorterrian; eta Etxahuniaren hondakinak, horretara, suntsitu zen herri baten lekuko gerta daitezke laister bakardade zoragarri hartan. (…) Basaburuan (=Zuberoa Garaian) 1940-tik 1950-ra arte jaio direnen artean, bertan bizi ezinik, % 82-ek egin diote alde Zuberoari. Barkoxe, beraz, arroztu egiten ari da; baina baita hustu ere. Zuberoa guztian, 18.000 lagun bizi dira gaur. Probentzia oso bat izana, gaur Euskal Herria-ren % 0,73 bihurturik! (…) Nekez soma ditzakete horrelako arazoak Bizkaiko Mendebaldean bizi direnek. Zuberoako kezka nagusia, ordea, BAZTERREN HUSTUTZEA da: zuberotar jendaketa behera doa aspaldi honetan, guztiz behera; eta baserriak «résidence secondaire» bihurtzen hasi dira. Nor erosle? Zuberotarrak berak? Ez horixe. Zuberoa, horrela, kanpotarren ehize-leku eta bakantza-eskualde. (…) Zuberoan turismoa izan baita hitz majikoa. Nola eutsi? Nekez. (…) Baserritarrik ahulenek ez dadukate diru-laguntza lortzerik. (…) Bizimodua zailegi da; eta emakumeek ez dute mendira ezkondu nahi. 59 artzain bizi dira Basaburuan mutilzar, ezin ezkondurik. (…) Mauleko treina kendua izan da. Oloroe-Atharratze autobus-lotura kendua ere bai. Kotxerik ez dutenek zer egingo? Hanka. «La montagne est belle… lorsqu’il ne faut pas y vivre»: mendia ederra da… bertan bizi behar ez delarik.

Barkoxe. Euskal Herritik erdal herrietara. 1972

Euskal kultura, amateur kultura

Rikardo Arregik aipatu ohi zidan kezka hura gogoraziko dut hemen: «marjinalismo»a. Euskal Herriak urtean 40 milla miloi pezeta baino gehiago ematen du agiriko zergatan. Hots, Euskaltzaindiak berak bere azkeneko Agirian (1973-X-26) hau dio: «(Diru-kutxan) dagoena: 95.587,18 pezeta»… Hauxe da egoeraren irudia! Edozein lekutan gertatzen denaren arabera geure zerga-kopuruaren % 3 edo % 4 baizik erabiliko ez bagenu, mila miloi pezeta izango genituzke urtean euskal irakaskintza eta euskal jakintzak oro bultzatzeko. Soluziorik? Badakigu guk biok. Hanartean ikastolak nola ordaintzen diren badakigu; euskal liburuak nola argitaratzen diren ere bai. Nola bizi dira euskal kulturaz arduratzen diren gizonak? Badut nik neronek horren berri… Zenbat irabazten dute andereñoek? (…) Gure dirudunek barkaziorik ez dutela esaten dutenak, horretara, ez dira oso oker ari… «Gure euskera maitia» oihu egitea edo kantatzea ez baita aski. Dirubideak eman behar dira. Intelektualek beren adimena osoki eskaintzen duten bezala, dirudunek osoki ere eskaini behar lukete beren altxorra. Urruntxo gaude! Euskal burgesia nagusiak uko egin dio euskarari eta 80 urte honetan azkartu egin du bere ukoa. Hauxe da «marjinalismo»aren gakoaren parte bat. Beste partea zein den ongi dakite denek. Hots, zikoizkeriatik, apurkeriatik, limosnaz bizi beharretik irtengo ez garen bitartean, euskal kultura, «amateur»en kultura izango da.

Txillardegirekin solasean. Zeruko Argia. Euskal Herritik erdal herrietara. 1973

«Etxerako», euskara; «kanporako», ingelesa

Ez gaude gu bakarrik munduan. Gaur egun (baina ez betidanik) guztiz indartsu agertzen diren hizkuntzak ez dira anitz: ingelesa, errusiera, alemaniera, japoniera, frantsesa agian. Dozena bat bai ote? Gaztelania bera ez dago horien artean; bahasa-indonesiera ere ez, hindi-urdu ere ez; txinera bera ere, ozta-ozta. Gure nazio hizkuntza ongisko letorke, demografiaz eta literatur produkzioaz, hirugarren mailako hizkuntzekin: eesti (estoniera), eslobeniera, islandiera, kymriera, eta beste; nahiz, egia esan, gu gibeltxo etorri. Askoz ere gehiago ikasiko genuke euskaldunok hizkuntzaren alorrean (eta ez horretan bakarrik) Hego-Ameriketako gaztelaniadun Estatuetara baino, Ipar-Europako Estatu txikietara begiratuko bagenu. Hor ditugu, argi iturri oparo, hiru Errepublika Baltikoak (Eesti eta Latvia batez ere), eta Suomi-Finland miresgarria (5 milioi eskas), ofizialki elebiduna. Hortxe ere, inguru berean, Suedia, multzo-buru, zortzi milioi t’erdi; Norvegia, 4,3 milioi, bere bi estandarrekin; Danimarka, 5,1 milioi; Islandia, milioi laurden bat; eta Faroe Uharteak, 60.000 bizi-lagun. Zer irtenbide soziolinguistiko hautatu dute? Ez baitira munduko «pariak»… Ñabardurka hemen alboan utziz, hauxe egin dute: funtzio arruntetarako («zentralak» Txepetxen diagramei dagokienez: familia, lagunartea, eskola, udala, prentsa…) nazio hizkuntza erabiltzea. Eta funtzio ez arruntetarako (goi mailako jakintza eta teknika, zientzi bibliografia, harreman internazionaletarako, etab.) ingelesa. (…) Ene ustez, guk ere, pausuka eta zentzuz, eta egin behar diren tarteko urratsak ongi aztertuz, eredu ipartar horretarantz jo behar genuke. Herri harremanak ere, ahalean, Ipar Europa horrekin azkartuz; eta Hego Amerikarekiko harreman anormalen inflazioa laxatuz. Ez gara gu izango, azkenean, «Inperioa»ren azkeneko defendatzaile faktikoak… «Etxerako», euskara, beraz; eta «kanporako», ingelesa. Horra hor xedea, ene ustez, irakaskuntzan ere, pausuka baina irmoki, mamitzen hastekoa. Hirugarren (edo laugarren) hizkuntzen arazoa (eta multzo honetan kokatu behar ditu abertzale denak gaztelania eta frantsesa), eztabaidan jar dezagun.

Euskal Herria helburu. Txalaparta. 1994.